Koaderno urdina
Poltsan koaderno urdin bat daramat. Egunean gertatzen zaizkidan gauza onak apuntatzeko erabiltzen dut” esan zidan lagun batek duela gutxi. “Atentzioa deitzen didan edozer gauza, eta nire egunerokotasunari poztasuna eta baikortasuna ematen diona idatzita uzten dut”. Gauza onak paper batean idatzi, eta gauean edo egun batzuk geroago gertatutako gauza on horiek berriro sentitu. Ez da ezer berria, baina nork egiten du hori? Lagun honek esan zidan ariketa hori egiteak bere bizimodua eta gauzak bizitzeko filosofia aldatu zizkiola.
Ez dakit nola iritsi ginen gai honen inguruan hitz egitera, baina ordutik pare bat buelta eman dizkiot koaderno urdin horri. Zer jarriko du bertan?
Imajinatzen dut nolako sentimendu onak izan daitezkeen koaderno urdin batean idaztekoak, esaterako: lanean, nagusiak zure lana ondo egin duzula esaten dizunean... (hau ez da askotan gertatzen eta ondo apuntatzea komeni da berehala ez ahazteko), kaletik aspaldi ikusi ez duzun norbaitekin topo egiten duzunean, abesti batek egoera bat argiago ikusten laguntzen dizunean, telefono dei bat, lagun batek zure izaerako zerbait gustatzen zaiola esaten dizunean, aspaldiko partez lagunekin parranda bat botatzen duzunean, usain batek bidaia bat edo pertsona bat gogorarazten dizunean, ezagun bati agur egitean irribarre batekin erantzuten dizunean, haur baten esaldi xelebre eta barregarri bat, egoera berri baten aurrean beldurrik ez sentitzea, edo bai, espero ez duzun momentu batean muxu bat jasotzea...
Milaka adibide daude, eta bakoitzak daki zerk ematen dion indarra eta zerekin sentitzen den ondo. Egia esan, ez da gauza handirik behar ondo sentitzeko, baina batzuetan ahaztu egiten zaigu ze gutxirekin bizi gaitezkeen. Badakigu eta baloratzen ditugu gertatzen zaizkigun gauza onak, baina askotan gertakari txarrek onak bigarren plano batean uztea eragiten digute, eta horrela, badirudi berri txarrak gehiago direla onak baino. Azken finean, zerbait txarra gertatzen ez zaigunean ez dugu zerbait ona bezala hartzen. Baina alderantziz gertatzen denean ordea, denak dimentsio handiagoa hartzen du.
Ohitura itsusi bat daukagu orokorrean ahaztu nahi ditugun gertakariak gogoan izateko, eta gauza txiki baina onek duten garrantzia ez dugu behar bezala zaintzen.
Irribarre bat, besarkada bat..., keinu txikiak eta handiak dira aldi berean. Garrantzitsuak, beharrezkoak eta gainera, eragin beharrekoak. Jasotzen ditugunean umorea aldatzen zaigulako, eta zientifikoki frogatuta dagoelako hauen onura. Horregatik.
Eta nik poltsan koaderno urdin bat daramat...