Iritzia:
Tomas Arrastoa
Anjel Egiņo laguna gogoan
Abenduan zendu zen Anjel Egiño eta biok oso lagun onak ginen. 1925 urtean jaioak biok, seme bakarrak biok, elkarrekin aritu ginen lanean Sacem lantegian. Oso gizon jatorra zen. Aiurri aldizkariko 380 zenbakian, aprendiz bezala, Sacemen lanean 1942 urtean hasi zela aipatzen bazen ere, bi urte lehenago, 1940ko azaroan hasi zela zehaztu nahiko nuke. Hilabete geroago hasi nintzen ni.
Garai hartan, etxebizitzak eraikitzen zirenean, erramua jartzen zitzaien teilatu berriei  eta Sacem lantegia bukatzen ari zirenez, haren teilatuari ere jarri egin zioten. Orduan, langile guztiak Asteasura joan ziren bazkaltzera eta arratsalde horretan, porlanez betetako kamioi bat etorri zen Sacemera. Inor ez zegoen kamioia deskargatzeko eta enkargatuak, guri erakusten zigunak, bospasei gazte jarri gintuen kamioia deskargatzen. Lana bukatu genuenean, txoferrak 10 pezeta eman zizkigun eta beste enkargatuak, dirua eman zigula ikusi zuenean Tturulora (Zentroaren beste aldean zegoen tabernara) joan eta zer edo zer erosteko baimena eman zigun. Anjel eta biok joan ginen Tturulora eta lau pezetan ardo botilla eta sei pezetan pikuak erosi genituen. Berriz lantegira itzuli ginenean, Martinez arduraduna falta ginela konturatuta zegoen dagoeneko eta deitu egin gintuen. -¿Dónde habeis estado?, galdetu zigun. Txoferrak 10 pezeta eman zizkigula eta enkargatuak zerbait erostera joateko baimena eman zigula erantzun guk. Segidan, enkargatuari deitu eta baimena eman al zigun galdetu zion. Hark ezetz, ukatu egin zuen. Hamabost urte genituen Anjelek eta biok; zeharo beldurtuta geunden, isil-isilik, zer esan jakin gabe.
Egun hartan bertan, lantegitik betiko bidaltzen zutela esanez eskutitza ailegatu zitzaion Anjeli etxera. Biharamunean, lantegiko arduradunek deitu egin ninduten, kaleratzen hurrengoa ni izango nintzela esateko. Baina handik sei hilabetera, beste lan talde batera, berriz ere Sacemera itzuli zen Anjel eta, jubilatu arte aritu zen lanean bertan. Urteak aurrera, Anjel eta biok enkargatu moduan ere aritu ginen Sacemen. Anjelek oso fama ona zuen lan horretan eta jakina da enkargatu ona izatea ez dela erraza.
Egun, 40an Sacemen aprendiz hasi ginen lagunetatik gutxi geratzen gara bizirik: Santiago Lopez, Jabier Berasaluze, Patrizio Bernaras, Pablo Mujika eta neroni. Urte luzetan kinto bazkariak egin izan ditugu; Anjelek eta biok antolatzen genituen. Iaz lau lagun elkartu ginen eta azkena izango zela uste dut.
Zerurik bada, berriz ere hantxe elkartuko gara Anjelekin.
 
2013, ekaina
As. As. As. Ost. Ost Lar Ig.
     12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930
       
<< >>
 
ARGAZKI BILDUMAK
© Erroitz. Aiurri, eskualdeko nortasun hitzak. 943 300 732 andoain@aiurri.com